Edukira joan

Maria Clara Eimmart

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Clara Eimmart

Bizitza
JaiotzaNurenberg1676ko maiatzaren 27a
Herrialdea Alemania
HeriotzaNurenberg1707ko urriaren 28a (31 urte)
Familia
AitaGeorg Christoph Eimmart
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakastronomoa eta grabatzailea

Maria Clara Eimmart (Nurenberg, 1676ko maiatzaren 27a - ibid. 1707ko urriaren 29a) astronomo eta marrazkilari alemaniarra izan zen. Georg Christoph Eimmarten alaba eta haren laguntzailea zen.[1]

Maria Clara Eimmart 1676an jaio zen. Aita Georg Christoph Eimmart "Gaztea" zuen, margolaria, grabatzailea eta astronomo afizionatua.[2] Aita, zeinak bere diru-sarrera guztiak tresna astronomikoen erosketan irioten baitzituen eta Nurenbergeko harresian behatoki pribatua eraiki baitzuen,[3] behatzaile artatsua zen eta bere emaitzak zenbait elkarte zientifikoren memoria eta transakziotan argitaratu zituen. Aitona ere, Georg Christoph Eimmart "Zaharra", erretratuen, natura hilen, paisaien eta gai historikoen grabatzaile eta margolaria izan zen.[4] Aitarengandik frantsesa, latina, matematika eta marrazketa ikasi zituen Maria Clara Eimmartek, baita astronomia ere.[3] Arte ederretan eta zientzietan jasotako heziketa zabalari esker ilustrazio botaniko eta astronomikoetan espezializatu zen, eta horretan zirrimarra zehatzak egiteko gaitasunagatik nabarmendu zen. Horrez gain, grabatzaile oso trebea zen eta aitaren laguntzaile jardun zuen.[2] Eguzkiaren eta ilargiaren ilustrazio ugariak sortu zituen, bai eta lore, hegazti, antzinako estatua eta emakumeen erretratuak ere, baina haren lan gehienak galdurik daude.[1]

1706an, Johann Heinrich Mullerrekin ezkondu zen Eimmart, bere aitaren ikasle eta oinordekoarekin.[5] Eimmartek senarrari lagundu zion Nurembergeko gimnasioan ematen zituen Fisika eskoletan. Haien ezkontzak sendotu egin zuen Eimmarten posizioa behatokian. Astronomiarekiko zaletasun familiarrak eragina izan zuen Mullerrengan, eta hartara eman zen Altorfeko irakasle izateraino, non bere marrazteko gaitasuna kometak, eguzki orbanak eta ilargiko mendiak deskribatzeko erabili baitzituen, betiere bere emaztearen laguntzarekin. Bikoteak harremanak izan zituen Rost anaia eleberrigile eta astronomoekin, bai eta Wurtzelbauer-ekin eta Doppelmayer astronomiako historialariarekin. Maria Clara Eimmart erditzean hil zen 1707an.[1]

Ilustrazio astronomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eimmart bereziki kartoi urdin ilunaren gainean pastel margulez eginiko ilustrazio astronomiko zehatzengatik da ezaguna.[1] 1693 eta 1698 artean, Eimmartek ilargiaren faseen 350 marrazki baino gehiago egin zituen. Teleskopioz eginiko behaketetatik abiaturik eginiko marrazki bilduma honi Micrographia stellarum moon phases ultra 300 deritzo. Horietako hamabi eman zizkion Marsili kondeari, bere aitaren kolaboratzaile zientifikoari, eta hamar Bolonian gordetzen dira, paper marroian eginiko hiru estudio txikiagorekin batera.[5] Eimmarten ilustrazioak ilargiaren mapa berri baten oinarria izan ziren.[1]

1706an, Eimmartek urte hartako eklipse osoa ere irudikatu zuen. Schiebinger-ek dio ezen, iturri batzuen arabera, Eimmartek 1701ean Ichnographia nova contemplationum de sole argitaratu zuela bere aitaren izenpean, baina ez dago zantzu irmorik benetan bere lana zela pentsatzeko.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Schiebinger, Londa. (1991). The Mind Has No Sex?: Women in the Origins of Modern Science. Harvard University Press ISBN 9780674576254..
  2. a b (Ingelesez) Davis, Herman S. (1898). «Women astronomers, (400 A.D. - 1750)» Popular Astronomy 53: 129-138. http://adsabs.harvard.edu/pdf/1898PA......6..129D.
  3. a b Ogilvie, M.; Harvey, J., eds. The Biographical Dictionary of Women in Science. Pioneering Lives From Ancient Times to the Mid-20th Century. Routledge ISBN 9780415920384..
  4. Bryan, Michael. (1886). Dictionary of Painters and Engravers: biographical and critical. George Bell and Sons.
  5. a b Neil, Jeffares. (2006). «Maria Clara Eimmart» Dictionary of pastellists before 1800. Unicorn Press http://www.pastellists.com/Articles/Eimmart.pdf.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]